XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tiroen hotsak eta balek eginiko ziztuak gutxiagotuz gero eta begirada mementu batez lurretik altxatu bezain laster, kale batetako espaloitik bestaldekora pasatzen dira soldaduak.

Zentzu guztiak joku horretan jarri nahiez edo, ia inork ez du galoidunaren agindurik entzuten.

Aurretik jakindakoa egitea da egiteko bakarra, edozein medioz eta inola ere atzerantz jo egiteke.

Airean azken jirabira eman, eta bestaldera iritsi haiz azkenik.

Lehena izan haiz, eta beste guztiak oraindik abiapuntuan daude, beste espaloiean alegia.

Ez duzue etsairik ikusten bainan halere burua babestu nahiean zabiltzate.

Herriaren erdian hagoela kalkulatu duk, eta morteroen jaurtikigai eta eztandengatik ez balitz, denbora gutxi barru herri osoa zuen esku zenutekeen.

Mekaguendios!! hiru metrotara lehertutako azken eztandarekin, eta burua kasko azpitik altxa baino lehen beste bi eztanda handiago aditu dituk, bata kalearen bestaldean, eta bestea hire atzean dagoen eliz hondatuan.

Hi tartean, lurrean etzanik eta eskuak gerondoan, ia ia kasko azpian.

Metrailgailuaren zenbait koska sabelean iltzekatu zaizkik, eta oinazeari ihes egitearren ahal izan ahala gorputza lurretik bakandu duk.

Esku batez kaskoa begi aurretik altxa eta hire lagunak zeuden tokira zuzendu duk begirada.

Haseran ikusi duk ez direla oraindik lurretik jaiki, bainan baten batzu tripaz gora zetzatela antzeman duanean konprenitu duk ezetz, ez zirela gehiago inoiz altxatuko.

Haien erdian, eztandak lurrean egindako zulo handia, geratu zen lekuko bakar gisa.

Hik badakik ez duala negarrik egingo, horretarako hezitu hinduten eta, bainan dena den jaitsi egin duk burua, ama hotz eta hondartsu baten kontsolamendua arkitu nahiean edo.